[Txosten] Lindanoaren fabrikazioa eta erabilera

Artikulu honen bertsio guztiak: [Català] [Castellano] [Euskara] [Galego]

Lindanoa hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomero kimiko bat da, iraganean pestizidatzat erabili izan dena. Substantzia organokloratu bat da, EBn 2008az geroztik debekaturik dagoena, eta iraunkortasuna, toxikotasuna, mugikortasuna eta biometatzea ditu ezaugarritzat.

Europako hainbat herrialdetan fabrikatu zen XX. mendearen bigarren erdialdean. Lindanoa lortzeko prozesua oso eraginkortasun txikikoa zen; hala, ekoizten zen tonako, beste sei edo hamar tona hondakin sortzen ziren, lindanoaren oso antzeko ezaugarri kutsagarrien aldetik.

Espainiako Estatuan zenbait lindano-fabrikak jardun zuten joan den mendeko 40ko hamarkadaren bukaeratik 90eko hamarkadaren hasierara bitartean. Haietako batzuek salaketak jaso zituzten eragin zuten ingurumen-inpaktu larria zela-eta, hala nola, Ansio-Barakaldoko Bilbao Chemical S.A. (Bizkaia), Asua-Erandioko Nexana S.A. (Bizkaia), O Porriñoko Zeltia (Pontevedra) eta Sabiñánigoko Industrias Químicas del Noroeste S.A. (Huesca) enpresek. Horiez gain, Bartzelonan edo Madrilen kokaturiko beste enpresa batzuek ere lindanoa fabrikatu dute edo lindanoa erabili dute beren ekoizte-prozesuetan. Bizkaiko eta Huescako kasuak bereziki larriak dira, gaur egun oraindik substantzia horren kutsadura-fokuak dauzkatelako, hots, gaurko egunez, kalkulatu ezineko ondorioak dituen inpaktua eragiten jarraitzen dutelako.

[Txosten] Lindanoaren fabrikazioa eta erabilera

Lindano-ekoizpenean sortzen zen hondakin-kantitate handia gaizki kudeatu zen, fabrikazio-tokia ez ziren beste gune batzuetan legez kanpoko isurketak, ustez, egiteraino. Hala, bada, hondakin horiek Estatuko toki ugaritan daude, sortu ziren fabriketatik urruti, hala nola, Borobian (Soria), Cabrian (Palentzia), Vitoria-Gasteizen (Araba), Vianan (Nafarroa) eta Iguzkitzan (Nafarroa). Erabateko opakutasuna izan zen isurketen inguruan, eta hala frogatuta geratzen da, debekatu eta hainbat urtetara, konfederazio hidrografikoek Estatu guztian sakabanatutako ur-laster askotan lindanoa dagoela detektatzen jarraitzen dutenean, baimendutakotik gorako mailetan zenbaitetan. Gaurko egunez, ez dakigu gune horietako batzuk non dauden, zer kantitate isuri ziren, edo isurketa horiek zein baldintzatan egin ziren.

Lindanoa EBko beste hamahiru herrialdetan ere sintetizatu zen, eta ongien dokumentaturiko gune kritikoak Alemanian, Eslovakian, Frantzian, Hungarian, Italian, Polonian, Txekiar Errepublikan eta Errumanian daude. Kutsadura-foku horietako batzuetan, orobat, lindanoaren fabrikaziotik sortutako hondakinek oso ondorio larriko ingurumen-herentzia utzi dute.

Ez dira nahikoak, argi eta garbi, Europan zein estatuen barruan abian jarri diren ekimenak. Beharrezkoa da Espainiako lindanoaren mapa xehe bat osatzea, hondakinen trazabilitatea berrituko duena eta lokalizatu eta detektatu gabe dauden isurketa horien guztien kokapena identifikatuko duena, gero isurketa horiek kendu eta tratatu eta eragindako eremuen osoko deskontaminazioa gauzatu ahal izateko, harik eta kutsadura-karga hori Estatutik zeharo desagerrarazi arte, ahalik eta epe laburrenean. Horretarako, autonomia-erkidegoetako administrazioek eta estatu-administrazioak koordinaturik lan egin behar dute.

Aldi berean, egungo estatu-araudia aldatu beharko litzateke, uneren batean lindanoa detektatu zaion edozein ur pertsonen hornidurarako erabiltzea debekatuz, kontzentrazioa edozein izanik ere, nazioarteko erakunde batek baino gehiagok osasun-arloan gomendatzen duten bezala.

Halaber, halako kutsatzaileek eragindako eremuetako biztanleek jasan duten esposizioa ebaluatu behar da; kutsaduraren eragileei dagozkien erantzukizunak (penalak, administratiboak eta politikoak) eskatu behar zaizkie, eta Estatuko gobernuak zein autonomia-erkidegoetako gobernuek beharrezko aurrekontu-sailak izendatu behar dituzte aipatu diren jarduera horiek gauzatzeko.

Lurzoruen kutsadura konpondu gabeko arazo handia da EBren barruan. Hortaz, gehien eraginiko herrialdeetako bat izanik, Espainiak fronte baten buru izan beharko luke EBn, lurzoruei buruzko Europako araudi baterantz aurrera egiteko, europar gizarte zibila eskatzen ari denaren ildotik.


2017-ko abuztua :

2017-ko uztaila | 2017-ko iraila



Visitantes conectados: 342