Autoak Iruñean agertzen duen harrokeriak bertze biktima bat sortu du. Berriz ere, auto batek oinezko bat harrapatu du, oinezkoendako pasabide batean. Harrapaketa hori saihesten ahal zen, saihestu behar zen.

Txaro Basabe Oiz, 60 urteko iruindarra, iragan uztailaren 2an hil zen, bezperan auto batek harrapatu zuelako. Basabe zebra bide batean harrapatu zuten, zebra bideetan izaten baitira oinezkoen harrapaketa gehienak.

Ekologistak Martxanen irudikoz, gizarteak ezin du onartu eta ezin du normaltzat jo pertsona bat hiltzea oinezkoendako bide batetik pasatzeagatik (bide horietan oinezkoa baita pasatzeko lehentasuna duena). Horregatik, Udalari eskatzen diogu bere indar guztiak bidera ditzala oinezkoen bizitzak ziurtatzera.

Horretarako, Ekologistak Martxanen ustez, nahitaezkoa da autoen zirkulazioa lasaitzea. Mantsoago joan daitezen lortu behar dugu. Eta, batez ere, zebra-bideen inguruetan joan behar dute mantsoago. Ildo horretan, neurri egokia litzateke zebra-bide guztiak goratzea, edo haien aitzinean beharrezko oztopoak jartzea autoak nahitaez mantsoago joan daitezen. Baita zebra-bide guztietan semaforoak paratzea ere.

Oinezkoekiko batere begirunerik gabe zeharkatzen dituzte gidari askok zebra-bideak, auto bat gidatzeak eskubide gehiago ematen diela sinetsiko balute bezala. Ekologistak Martxanen ustez, hori ez da horrela. Guztiok ditugun eskubideak dituzte. Areago, (mugikortasunari buruzko) eskubideak murriztu beharko lituzke airea kutsatzen duen, isiltasuna hausten duen eta hil dezakeen makina bat gidatzeak.

Araua argia da: “Gidariek pasatzeko lehentasuna dute, oinezkoen aitzinetik, behar bezala seinalaturik dauden oinezko pasabideetan izan ezik”. Alegia, zebra-bideetan, oinezkoek beti dute lehentasuna. Bada garaia auto gidariek errespeta dezaten oinezkoek bide horietan duten lehentasuna. Nola egin? Ziur gara Udalari hainbat modu bururatuko zaizkiola.